2010/01/21

EMAKUMEZKOEN ORGASMOA: PLAZERRAREN GAILUR ALA MUGA?

Zorionez, joanak dira emakumeari plazerrerako gaitasuna ukatzen zitzaioneko garaiak. Garai victoriarreko debeku eta bekatuei urrundik begiratzen diegu XXI. mende honetan. Eta XX. mendeko sexologiaren "aitei", aldiz, eskerronez. Freud, Reich, Masters eta Jhonson, Kinsey eta enparauek emakumeak orgasmoa bazuela esan zuten. Eta orgasmo hori simultaneoa izan zitekeela. Eta multiplea ere bai. Eta tartean G puntua ere agertu zen. Emakumeari sexualitatearen ateak zabaldu zitzaizkion. Ala ez? Mintzakide izan ditugun sexologoek garbi dute erantzuna: gizonezkoen eredua saldu diete emakumeei eta hauek euren sexualitate propioa berreskuratzeke dute oraindik.

Orgasmoa erantzun sexualaren fase bat da. Estimulazioak hainbat aldaketa fisiologiko eragiten du: genitalen basokongestioa, erritmo kardiakoaren azelerazioa, izerdia, tentsio muskularraren igoera... Tentsio sexualak gora egin dezake muga batera iritsi arte. Muga gainditzean tentsioaren deskarga gertatzen da; muskulu genitalen kontrakzio espasmodiko eta inboluntarioa, orgasmoa. Gizakia gizaki denetik ditu emakumeak orgasmoak (edo agian lehenago, aurrerago ikusiko dugun moduan, hainbat ikerlarik primate emeetan ere orgasmoa badela defendatzen baitu). Baina gure gizartean badirudi XX. mendean deskubritutako zerbait dela. Sarritan ahaztu egiten dugu beste kultura eta garai batzuetan sexualitatea modu askeagoan bizi izan dela (edota bizi dela egun). Mendebaldeko zibilizazioaren hastapenetan dagoeneko Hipocrates, Platon eta Aristotelesek sexualitatearen inguruko idatziak plazaratu zituzten. Hor dago, halaber, Ovidio poeta erromatarraren "Ars amatoria" gida. Mendebaldetik urrun, Mallanga Vatsayana indiarrak ere Antzin Aroan idatzi zuen "Kama Sutra" ezaguna. Erdi Aroa eta Aro Modernoa ere oparoak dira, mendebaldean nahiz beste hainbat kulturatan, sexualitateari buruzko gida praktiko zein ikerketa lanetan. Egia da, orohar, iritsi zaizkigun idatziek gizonezkoen sexualitatea dutela jomuga. Baina egia da, halaber, emakumeari ez zaiola plazerra ukatzen. Ukazioa moral victoriarrak ekarriko zuen XVIII. mende bukaeran. Emakumea ez zen plazer sexualerako gai. Ugalketa zen haren funtzioa. Emakumezkoen orgasmoa, kontzeptu gisa, ez zen existitzen. Eta egoera honetan ez zen aldaketarik izango XIX. mendearen amaiera arte, sexologia zientzia bezala jaio zen arte.

Sexologiaren "aitak".

Krafft-Ebing sexologiaren aita deitua bada ere, zientzia honen benetako "aita" Sigmund Freud-Havelock Ellis bikotea dela esan genezake. Bietan ezagunenak, Freudek, bi orgasmo mota bereiztu zituen emakumezkoetan: orgasmo baginala eta orgasmo klitorideoa. (Egun bereizketa hori baztertua dago). Bikoteak ekindako bideari Wilhem Reichek eman zion jarraipena. Berak banatu zuen lehen aldiz gizakiaren erantzun sexualaren zikloa lau zatitan. Orgasmoa zikloaren hirugarren zatia da eta Reichek ez du bereizketarik egiten emakumezkoen eta gizonezkoen orgasmoen artean. Alfred Kinsey eta emakumezkoaren jarrera sexualei buruzko azterketa (1952) etorri ziren ondoren eta honen atzetik Masters eta Johnson eta heziketa sexualaren garrantzia.

Aurrerapausoak?

Prozesu honetan emandako "aurrerapausoak" horrela laburbiltzen ditu Anne Dickson-ek "The Mirror Within" lanean: "Lehen aldaketa esanguratsua orgasmo klitorideo eta baginalen arteko bereizketa izan zen. Handik aurrera, orgasmo baginala "emakume sexualki heldu eta asebetea"ren helburu nagusia bihurtu zen. Hala ere emakume hura ez zen luzaz lasai egon, berehala bigarren moda bat agertu baitzen -orgasmo simultaneoaren bilaketa- denborari arreta berezia jartzea eta bikotearekin sinkronizazio perfektua eskatzen zuena. Helburu berri horrek ahalegin dezente eskatzen bazuen ere, askok lortu zuen, baina, zoritxarrez, denbora gutxira ikerlariek emakumeek orgasmo multipleak izan zitzaketela deskubritu zuten. Horrela 'emakume sexualki heldua eta asebetea' ez zen bakar batekin konformatu. Orduan "G" puntuaren (Grafenberg) aldarrikapena etorri zen". Dicksonen aburuz, "esperientzia sexualaren zati txiki horri neurrigabeko garrantzia" eman zaio. Iritzi berekoak dira Amaia Makazaga eta Birginia Ezeiza, sexologoa lehena eta psikologo-sexologoa bigarrena; Sustraia Sexologi Elkarteko kideak biak. Egungo gizartean emakumezkoen orgasmoaren onarpena berdintasunaren aldeko lorpentzat hartu ohi da. Sexologo hauek dakusaten errealitatea bestelakoa da, ordea. Amaia Makazagaren esanetan, "emakumearen orgasmoa zirkunstantziala da, ez da beti ematen eta ezin da orokortu. Gizonak bere harremanetan orgasmoa bermatua dauka, kontratatu egiten du beti. Baina emakumeak ez. Eta gizonak isurtzen duenean emakumearen orgasmoa baldintzatuta dago". Birginia Ezeizak emakumeei eurena ez den erantzun sexual bat saldu zaiela gaineratzen du. "Emakume askok orgasmoa gizonaren isurketaren parekoa dela pentsatzen jarraitzen du eta euren esperientzia ez dute identifikatzen. Orgasmoak dituzten arren, anorgasmikoak direla pentsatzen dute".

Orgasmoa eta plazerra.

Orgasmoak plazerra dakarrela ukaezina da, plazer puntuala bada ere. Baina plazerra ez da orgasmoa soilik eta horregatik gure solaskideek dedikazioan oinarritutako harremanak aldarrikatzen dituzte. "Gizarte honetan orgasmoa gozatu gabe lortu nahi dugu eta hori salto batean Everesteko gailurrera iritsi nahi izatea da. Sexualitatean orgasmoa plazerraren ondorioa da, gailurrera iristeko behetik hasi eta gorainoko bidea egitea". Baina bide hori ez da behar beste jorratzen eta emakumeak lehenbailehen demostratu behar du orgasmora iristeko gai dela. Garai batean emakumeari ez zitzaion plazerrerako gaitasunik onartzen eta Ezeizaren aburuz "mutur batetik bestera joan gara. Orain, bat-batean, superorgasmikoak izan behar dugu". Amaia Makazagak "erronka sexualitate" gisa definitu du egoera. Eta "erronka sexualitate" horretan plazerraren dimentsioa galdu eta orgasmora lehenbailehen iristeko lehia gailentzen da. "Jokoa luzatu beharrean, moztu egiten dugu. Gure bizitza sexuala, azkenean, lehiaketa bat da eta, horren barruan, orgasmoa segurtasun elementu bat, erreferentzia bakarra plazerrerako hezia izan ez den emakumearentzat, gizonarentzat bezala. Segurtasun kodeak behar ditugu plazerrean eta horregatik, dagokigun rola betetzen dugu".
Gizonezkoen ereduan.

Emakumeak bere sexualitate propioa ez duela berreskuratu diote, gizonezkoen sexualitate kodetan mugitzen dela. "Gugandik espero dena egitera jokatzen dugu eta lasai geratzen gara, ondo geratu garelako. Gure eginbeharrarekin kunplitu dugu". Sexologiaren mundu "ortodoxoa" parametro horietan mugitzen omen da eta gainera patologiak sortzeko joera handia dagoela diote: "Orgasmorik ez baduzu, anorgasmia duzu". Emakumea plazerrera hezia ez badago, orgasmoa izateko beharra sortu badiote ere, agian ez da lortzeko gai izango "eta horregatik betetzen dira kontsultak emakumez" diote bi sexologoek.

Non dago emakumeen sexualitatea?

Zentzu honetan esanguratsuak dira Carol Rinkleib Ellison-ek duela hilabete gutxi argitaratutako "Women's sexuality" lanean plazaratutako datuak. Inkestan parte hartu zuten 2.311 emakumetatik %70ak orgasmoa antzeztu izan duela onartu zuen. Horietatik hiru laurdenak sarritan egin ohi duela erantzun zuen. Liburu honetan ez da arrazoirik aipatzen. Baina egungo sexu harremanak koitoan oinarritzen dira gehienbat eta "Nuevo informe Kinsey sobre sexo" lanean argitaratutako datuen arabera emakumeen erdiak ez du koitoarekin gozatzen (beste egile batzuek portzentajea %75era iristen dela diote). "Orduan, zer saltzen ari dira" dio Makazagak, "non dago hor emakumearen sexualitatea?". Duela urte batzuk ez zegoen inon, haren existentzia ukatu egiten zen. Egun, solaskide izan ditugun sexologoen arabera, emakumeen sexualitatea ez da existitzen ez bada gizonezkoen sexualitateari lotuta. Azken mendean emakumezkoen sexualitatean emandako pausoen onurak zabaldu dira urtetan; orain diskurtso berri batek hori guztia zalantzan jartzen du. Hortaz, nondik jo behar da? Zein da emakumeen sexualitate propiorako bidea? "Emakumeok gure sexualitatea berreskuratzeko gure plazerra deskubritu eta landu beharko genuke". Ezkor ageri dira, ordea; ez dute iraultza sozialik espero. Aldaketa indibidualean, pertsonalean ikusten dute aukera bakarra. "Baina horretarako lehenengo emakumeak mugak eta zailtasunak dituela onartu behar du".


Nagore Irazustabarrena http://www.argia.com/

No hay comentarios:

Publicar un comentario