“Beti bezala, etorkizuna gure eskutan dago. Gure gogoaren eta gure borrokarako erabakiaren menpe izango da mundua mundu berri bat bihurtzen dugun ala ez. Sexualitatea eta maitasuna erabakigarriak izango dira prozesu honetan. Erabakigarriak izango dira borrokan. Eta erabakigarria izango da, aldi berean borrokatzea eraldaketa beraren eta sexualitatearen askatasunaren eta bizitzarekiko maitasunaren alde. Eta bide horretan eraldatuko dugu gure burua ere. Eta mundua eraldatuko dugu”.
Testu honetatik hartua
0.- AURRE-AZALPENAK
1.- HARUNTZAGO IKUSI
2.- SEXUALITATEAREN HIL ALA BIZIKO GARRANTZIA
3.- PLAZERREN MUGAPENA
4.- SEXU ZAPALKUNTZA ETA BERE FUNTZIO SOZIALA
5.- KONTROL ELEMENTUAK
6.- POTENTZIALITATE ASKATZAILEA
7.- IRAULTZA INTEGRALA IZANGO DA EDO EZ DA IZANGO
8.- EGUNGO EGOERA
9.- ZER EGIN? NOLA LANDU SEXUALITATEA
10.- GAZTERIA IRAULTZAILEAREN PAPERA
0.- AURRE-AZALPENAK
Esku-artean duzun testua pixka bat arraroa irudituko zaizu, agian.
Segur aski, ez zara ohituta egongo sexualitateaz modu honetan hitz egitera eta irakurtzera. Besteak beste, horregatik izan daiteke aberasgarria.
Gure jaiotzatik azaldu genuen moduan, Gaztesarea kontzientziak elikatu eta esnatu asmo dituen proiektua da, inguruan dugun guztia zalantzan jarri asmo duen proiektua da, jarrera errebeldea piztu asmo duena, ikuspegi inkonformista batetik abiatuz hezi eta informatu nahi duena. Eta horregatik, orain arte egin dugun guztiaren xedea, liburu hau bera barne, IKUSPEGI KRITIKO BATETIK JENDARTEA ERALDATUKO DUTEN dinamikak elikatzea da.
Horregatik, liburu hau sexualitateaz mintzo bada ere ezin zitekeen liburu aseptikoa izan. Ezin zitekeen besterik gabe kuriositateez mintzo den liburua izan. Txutxumutxuen liburu bat. Sexu informaziorako liburu hutsa. Sexuaren gaineko gida teknikoa. Esperientzia sexualena. Galdera eta erantzunen liburu soil bat…
… posible da hori izatea. Eta izan bada. Baina, EZ da hori bakarrik.
TESTU HONEK ZER NAHI DUEN
Horregatik, testu honek liburuaren gainontzeko edukia osatu nahi du, sexualitatea iraultzarako beste eremu bat bezala kokatuz. Gehiengoak gutxiengoaren gainean egiten duen zapalkuntza erakusten duen beste ezinbesteko eremu bat bezala. Eskubideak murrizten diren eta askatasunak mugatzen diren bizitza indibidualaren eremu bat bezala, baina baita kolektiboarena ere. Pertsona gehienei barruan daramaten potentzialitatearen garapena ukatzen zaien bizitzaren eremu gisa; non gozamenerako aukera eta plazerra modu sano eta aberasgarrian elkarrekin gozatzea mugatzen baiten. Eta proposatzen dugu, beraz, sexualitatea lan eta borroka iraultzailerako eremu gisa ikustea, non modu kolektibo eta indibidualean zapalkuntza egoerei aurre egingo baitiegun (gainontzeko zapalkuntza egoeretan bezala). Jakinik zapalkuntza eta ezberdintasun egoerei aurre egiten diegun neurrian, gerturatzen ariko garela ukapenetik eta mugapenetik aske biziko diren harreman pertsonal eta kolektiboak sortzera. Sexualitatea borroka iraultzailerako beste eremu baten gisa ikustea dugu xede, non sistemaren kontraesanak ere irudikatzen diren eta kolektibotasun kontziente eta konprometituaren xedea burujabetza izan behar den.
Lau zapalkuntza orokor eta nagusik marrazten dute klase zapaltzaileak zapalduari egiten dion esplotazioa. Hauek dira:
1- Ama lurraren zapalkuntza
2- Genero zapalkuntza
3- Nazio zapalkuntza
4- Klase zapalkuntza
Lau zapalkuntza hauen gainean oinarritzen eta eraikitzen dira beste motako zapalkuntzak, beti ere, zapalkuntza orokorrei eusteko eta euren artean elikatzeko. Estrategikoki bigarren mailakoa izanda ere hil ala biziko garrantzia duten zapalkuntza gisa aipatu ditzakegu sexu zapalkuntza, arraza zapalkuntza, haurrenganako zapalkuntza eta helduen boterearen zapalkuntza, besteak beste.
Zalantzan jarri nahi dugu, hemen eta orain, momentu batez (testu honen helburua hori ez bada ere) sexu zapalkuntza ez ote den guk uste baino garrantzitsuagoa. Izan daiteke sexu zapalkuntza eraikitzen diren gainontzekoen oinarria? Eta oinarria ez bada, izan daiteke sexu zapalkuntza gainontzeko zapalkuntzak eutsiarazten dituen egitura indibidual eta sozialen funtsezko elementua? Izan daiteke sexu zapalkuntza psikologikoki pertsonaren potentzialitatea ukatzen eta anikilatzen duen kontzientziaren sorrerarako funtsezko elementua, obedientzia eta beldurra sortzeko oinarria dena, aldaketa eragiteko norbera gai ez izatea eragiten duena? Izan al daiteke sexu zapalkuntza, eta bere esplotazio forma konplexu guztia, zapalkuntza orokortuaren motorra elikatzen duen gasolinaren zati? Eta garrantzia hori izan badezake, neurri batean bada ere… izan dezake zentzurik modu erradikalean aurre egiten saiatzeak? Sexu zapalkuntzaren aurka eta bestelako sexu harreman askeen alde borrokatzea zapalkuntzaren eta munduko bidegabekerien aurka borrokatzea da? Eta mundu hobe baten alde borrokatzea da?
Ez dugu orain erantzungo. Ez dugu erantzungo. Iradokizun batzuk soilik botako ditugu airera. Baina ez orain, testuaren amaieran, baizik. Orain irakurri… eta osatu zure iritzia gaiaren inguruan.
* Denbora eskasiak eraginda, ezin izan dugu testu hau nahi bezala garatu. Horregatik oinarritu gara, agian gehiegi, analisi ikuspegi honetatik idatzi zuen autore* baten hainbat testutan. Beraz, posible da aipu gehiegi izatea testuak. Aurrez eskatzen dugu barkamena eta irakurtzeko deia egiten dizuegu.
** Ohartarazi nahi genuke ez dugula gehiegi sakondu emakumeak bizi duen sexu zapalkuntza basatian. Gaia presente geratu da. Baina, gaiak duen garrantzia eta sakontasunagatik azterketa propioa behar luke.
1.- HARUNTZAGO IKUSI
Bada elementu bat analisiarekin jarraitu aurretik landu nahiko genukeena: gure analisi ikuspegia irekitzen saiatu behar gara. Ezinbestekoa izango da hemen aurkezten dugunaren dimentsioa ulertzea ez badugu ezertan hasi baino lehenago gure kritika eta autokritika gaitasun eskasa zalantzan jartzen.
Normalean, onerako edo txarrerako, kasu honetan txarrerako gehiago onerako baino, erakutsi diguten irizpideen arabera ekiten dugu. Arrazonamendu eta ekinbide kultural oso zehatz baten arabera. Mendebaldeko jendarte “garatuetan” bizi gara, horrek dakarren guztiarekin. Eta ikuspegi alternatibo eta iraultzaile batetik jendarte hau kritikatzen dugu eta beste aldagai batzuen gaineko garapena planteatzen dugu. Jendarte honi leporatzen diogu, beste gauza batzuen artean, pentsamendu bakarra eta pertsonen izpiritu akritikoa eta konformista bultzatzea. Eta oso ondo dago. Baina zoritxarrez, esaten genuen moduan, mugimendu alternatiboon barruan ere gure mugapenak ditugu. Gure kolektibotasunean garatutako kultura alternatibo zehatz baten baitan ibili ohi gara, bere abantaila eta bizioekin. Kultura alternatibo hauek ere pentsamendu kritikorako ildo orokorrak zehazten dizkigute, baina, kultura alternatibo berak mugatuta, urte askoan zehar barneratutako bizio guztiekin.
Bizio hauek askotan eragiten digute guri ere modu mekanikoan eta estetikoan jardutea, edukiak eta moduak errepikatuz elementu berriak barneratzeko eremuak itxiz. Pentsatzeko, ekiteko, erantzuteko, arrazoitzeko… modu bat dugu, eta eduki sail bat gurea egina, beste eduki mota bat baino gehiago.
Ondorioz, sexualitatea ia beti baztertua, marjinatua edo gutxienez bigarren edo hirugarren mailara mugatua utzi izan da mugimendu alternatibo edo iraultzaileen jardunean. Alde batetik ulergarria da, segur aski presa gehiago zuten lehentasunak izan direlako. Baina, ezin da ohituraz asumitu; sexualitatea, beste hainbat elementu bezala, pertsonen bizitzaren garapenean funtsezkoa baita.
Sexualitateak norbanakoen eta kolektiboen orekarako oinarrizkoak diren beste beharren pareko hil ala biziko garrantzia du. Horregatik, garrantzitsua izango da gure buruei galdetzea, gutxienez, sexualitateari nola begiratzen diogun edo nola pentsatzen dugun beragan.
2.- SEXUALITATEAREN HIL ALA BIZIKO GARRANTZIA
Sexualitatea, orokorrean, elementu ukatua, desitxuratua, manipulatua eta jarraitua izan da. Historian zehar asko idatzi da sexualitateaz. Agian, pentsa dezakeguna baino gehiago. Eta aldi berean, tabua eta ezkutukoa izan den historiaren eraikuntza izan da.
Bizitzaren plazerretaz ari garenean, modu zabalean egiten dugu, ezin baikara gehiegi luzatu honekin. Horren baitan kokatzen dugu, noski, sexualitatea. Eta sexualitatea, aldi berean, modu zabalean kokatzen dugu. Eta zabala diogu, normalean ohituta baikaude, edo ohituarazi baikaituzte, gauzak modu partzialean eta mugatuan ikustera. Eta normalean gauzak modu partzialean eta mugatuan ikusten baditugu, sexualitatea oraindik mugatuagoa ikusten dugu, gaia inguratzen duten ezaugarri moral, etiko, sozial, kultural eta historikoengatik.
Sexualitateak, normalean “sexualitatetzat” hartzen duguna izatetik urrun –koitora mugatutako sexu harremanak, sexu ugalketa eta sexu bidezko transmisioa duten gaixotasunak-, askoz ere zentzu zabalagoa du. Gaiaz hitz egiterakoan zalantzan jarri beharreko gure barneko lehen zutabea da.
Sexualitateak, bere zentzu zabalean ulertuz gero, giza harreman guztiei egiten die erreferentzia, bere zentzu afektiboan, sentimentalean eta plazerra sortzekoan, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Bere baitan barnebilduz hizketa eta keinu lengoaia.
Halako dimentsioak garrantzia handia esleitzen dio kontzeptuari eta sexualitatearen garapen praktikoari. Izan ere harremanetan da, bere baitan eta etengabean, pertsonaren izaeraren garapenarekin, hezkuntzarekin, umorearekin, bere ezagutza eta esperientziarekin; eta zabalduz gero, jendartearen garapenarekin berarekin.
Gure helburua, beraz, sexualitatearen kontzeptu eta praktika pertsonal eta kolektiboa jendartearen ongizaterako eta gozamenerako erabiltzea da. Gaur egun egiten ez dena.
SEXUALITATEAK PERTSONAREN PENTSA DEZAKEGUNA BAINO EREMU GEHIAGO HARTZEN DITU BAT-BATEAN ETA PERTSONEN ETA KOLEKTIBOTASUNEN GARAPENERAKO USTE DEZAKEGUNA BAINO GARRANTZIA HANDIAGOA DU.
3.- PLAZERREN MUGAPENA
Gizateriaren historia, nagusi den gutxiengoak gehiengoaren gainean egiten duen etengabeko esplotazioa eta eskubideen ukapen etengabea da. Klaseen arteko borrokaren historia da. Egia da orain dela milaka urte (edo ez horrenbeste urte) izan direla jendarte berdintzaileagoak bultzatu nahi izan dituzten proiektu pilotuak. Baina, kasu gehienetan, klaseen arteko borroka etengabea izan da eta bera izan da jendartea mugiarazi duen kontraesan nagusia.
Esplotazio orokortua izan den egoera horren baitan, nagusi den klaseak gogoz lan egin du, beste gauza batzuen artean, bere botere egoeratik abantailak lortzeko. Lortutako abantaila horien artean oso garrantzitsua izan da denboraren eta plazerraren dastatzerako moduen eskuratzea. Izatez, plazerrak gizateria bere hasieratik mugiarazi duten elementua izan dira. Ez dago plazer handiagorik oinarrizko beharrei erantzun ahal izatea baino. Ez du ezerk on gehiago egiten behar duzunean behar duzuna jasotzeak baino. Baina, behin oinarrizko beharrizanak aseta, plazerraren kontzeptua eta praktika bere forma eta eremu ezberdinetan garatzea izan da gizateriaren motorretako bat. Azken batean, bizitzaz gozatzea honek eskaintzen digun plazerrak gozatzea da.
Eta plazerren gozamen hau urte askoan (eta oraindik ere bere erara) klase dominatzaileentzat gordea izan da. Ondorioz, klase txiroek irismen mugatua izan dute plazerra jasotzeko modu askotara. Mugapen hori, ikusiko dugun moduan, kontrol eta esplotazio modu izatera iritsiz.
Plazerren mugapen horren baitan, dudarik gabe, sexualitatea kokatu behar dugu. Sexualitatea botereek mugatu dute elementu indibidual eta kolektibo gisa. Antzinako garaietatik herriak sexualitatea zerbait iluna eta debekatua bezala izan du. Eta aldiz, boteredunek sexualitatearen inguruko beste esperimentazio eta jarrera moduak garatu dituzte.
Sexualitatea mugatu eta ukatu egin dute. Zerbait iluna bailitzan margotu digute. Erlijio ezberdinetan topa ditzakegun moraletan edo botere ezberdinetatik inposatu diren moraletan sexualitatea herriarentzat tabua izan den eremu soziala izan da. Izatez, sexualitatearen mugapena historian zehar hainbat modutara erreproduzitu da sozialki eta psikologikoki.
“Nahasmen psikikoak gure jendartearen izaerak sortutako sexu kaosaren ondorio dira. Milaka urtean kaos horren funtzioa pertsonak indarrean ziren baldintzetara (baldintza sozialetara) azpiratzea izan da”.
“Bizitza energiak, egoera naturalean, espontaneoki orekatzen dira, moralitate edo behar konpultsiboen laguntzarik gabe. Horrek, segurtasun osoz, joera antisozialen existentzia erakusten digu”.
Ez da kasualitatea azken mendeetan buru gaixotasunek horrelako hazkunde handia izatea. Kapitalismoa bilakatuz, historiako gaixo mental gehien sortu dituen sistema. Buru gaixotasuna izanik, gainera, biztanleriaren artean gehien zabaldu dena eta mediku, psikologo eta psikiatra ejertzito handi batek tratatzen duena “munizio” farmazeutiko handia erabiliz. Kapitalismoak, ekoizpen sistema gisa duen egiturak eraginda, aurreko sistemetan ere izan bazen joera bat areagotu besterik ez du egin, bizitzaren ukapenak eta plazerraren ezinegonak sortzen duen joera.
Modu honetan “Sexuaren eta bizitzaren ukapenean hezitako norbanakoak, plazerraren ezinegona hartzen du (plazerrezko eszitazioari beldur izatea), fisiologikoki muskulu espasmo kroniko modura agertzen da. Plazerraren ezinegon horren baitan lantzen ditu norbanakoak diktadurek oinarri gisa dituzten bizitzaren ukatzaileak diren ideologiak.
Horrela “egungo pertsonaren egitura karaktereologikoaren – lau edo sei mila urte atzera eraikitako patriarkatuaren eta autoritarismoaren kultura betierekotzen ari denaren – ezaugarria da bere barnean duen naturaren eta inguratzen duen miseria sozialaren aurka babesean istea. Izaeraren iste hau da bakartasunaren, babes-gabeziaren, autoritate behar ase-ezinaren, erantzukizunarekiko beldurraren, ezinegon mistikoaren, miseria sexualaren, errebelamendu inpotentearen eta etsipen artifizial eta patologikoaren oinarria. Gizakiek jarrera erasokorra hartu dute euren barnean bizirik dagoenarekiko, urrundu egin dira euren barnean bizirik dagoenetik. Urruntze honek ez du jatorri biologikoa, soziala eta ekonomikoa baizik. Ez da gizateriaren historian horrelakorik aurkitzen jendarte ordena patriarkatuaren aurretik”.
Sexualitatearen zapalkuntza eta mugapen kolektiboa bizitzen diren egoera sozialak dira zapalkuntza egoerak sortuko dituzten haziak ereiteko lursoro onenak. Horrela “beharrak lanaren eta jardueraren gozamen naturala ordezkatu ditu. Gizakien egitura karaktereologiko ohikoa moldatu egin da inpotentziaren eta bizitzeko beldurraren norabidean. Egoera horretan diktadurak sustraitu bakarrik ez, justifikatu ere egin daitezke giza jarrera nagusiak aipatuz. Adibidez, erantzukizun falta eta infantilismoa. Bizi dugun nazioarteko hondamendia bizitzarekiko dagoen erotasun horren azken ondorioa besterik ez da”.
Sexualitatearen mugatzeak, maitasunaren kanalizazio kolektibo eta indibidualak bezala, bizitzaren lege naturalekin parez pare jartzen diren egoerak sortzen ditu. “Pertsona sexualitatearen lege naturala betetzen ez duen izaki bakarra izate hutsak hondamendi izugarriak sortzen ditu”. Egoera horrek gizaterian historian eta gaur egun ondorio izugarriak sortu ditu. “Bizitzaren kanpo ukapen sozialak heriotzak sortzen ditu masan gerretan, edo bizi-organoen nahasmen psikiko eta somatikoetan”.
4.- SEXU ZAPALKUNTZA ETA BERE FUNTZIO SOZIALA
Gozamen sexualaren ukapenaren oinarrian aurkitzen ditugu sexu errepresioa eta zapalkuntza, nagusiki klase zapalduek pairatu duten elementu historikoa. Klase dominatzaileek euren onura sozio-ekonomikoa lortzeko baliatu duten zapalkuntza, eta klase menpekoengan zapalkuntza orokortua mantentzeko erabili dutena. Zapalkuntza hau kulturala da eta ez biologikoa. Psikoanalisiaren korronte ezberdinetatik defendatu izan da, eta defendatzen da, errepresio sexualaren izaera biologikoa dela. Guretzako hori ez da horrela, “errepresio sexualaren jatorria sozio-ekonomikoa da eta ez biologikoa. Bere funtzioa patriarkatuaren kultura autoritarioaren eta esklabotza ekonomikoaren oinarriak sustraitzea da, modu argiagoan Japonen, Txinan, Indian… ikusi dezakegun moduan. Historiaren hastapenetan, gizakiaren bizitza sexualak naturaren legeak jarraitzen zituen, jendarte natural baten oinarriak jarriz. Ordutik, patriarkatu autoritarioaren azken lau edo sei mila urteek, sexualitate naturalaren energia ezabatuz, egungo pertsonaren bigarren mailako sexualitate doilorra sortu dute”.
Errepresio sexuala patriarkatua bezain antzinakoa da, oinarri horren gainean eraiki dira genero, nazio eta klase zapalkuntza. Ordutik, sexualitatea ezkutatua, ukatua eta bahitua izan da. Ordutik “gizakiaren sexualitateak bizitza sozialaren iluntasunetik ateratzeko oihukatzen zuen, milaka urtean bizi izan duen bizitza iluna eta osasungaitza atzean utzi eta horren izen handia hartzen duen ‘kulturaren’ eta ‘zibilizazioaren’ eraikin distiratsuaren aurrean ezarri asmoz”.
Historialari, zientzialari, politikari eta ekonomialariek gizateriaren urrats handi gisa kokatzen jarraitzen duten zibilizazioa. Gure gaur egungo jendartearen oinarria den zibilizazioa. Gutxiengo batek gehiengoa zapalduz eraiki duen zibilizazioa. Eta zapalkuntza orokor horren baitan, genero, nazio eta klase zapalkuntzaren baitan, sexu zapalkuntzak paper garrantzitsua bete du. Zaila da zibilizazio horretaz esaten diguten bezain ongi hitz egitea. Izan ere “krimen sexualak, abortu kriminalak, nerabeen ezinegon sexuala, haurren oinarrizko indarren hilketa, perbertsioak nonahi, pornografiaren eta bizioaren eskuadroiak, publizitate enpresa hutsalek egiten duten giza irriken ustiapen zitala, milioika gaixotasun psikiko eta somatikoak, bakartasuna eta mugapena nonahi, gizateriaren ustezko salbatzaileen harrokeria neurotikoa… zibilizazio baten apaingarri gisa hartzea zaila litzateke”.
Gure zibilizazioa, bizi kalitatean aurreratua izatetik urrun, guztiz kontrakoa izan da. Gehiengoaren bizi kalitatea mugatu du, gutxiengoak bizitzaz goza dezan, modu horretan, herriaren aukerak mugatuz. Azterketa antropologiko hainbatek erakutsi du beste jendarte batzuetan, gurea baino antzinagoko zibilizazioek beste antolaketa modu batzuk garatu zituztela, zapalkuntzetatik aske izan ez arren, bizitzaren hainbat eremutan eredu berdintzaileagoak eta justuagoak lortuz. Antzinako jendarteek, eta baita XX. Mendean aztertutako antzinako funtzionamendu ohituren arabera zebiltzan hondar-tribuek ere. Garbi gera dadin aurrez; ez dugula nahi, ez dugula nahi izan gure argudioak iraganean kokatu. Kontrara, gaur nahi duguna izan behar dugu horrela nahi dugulako, eta ez izan ginelako. Gaur egungoak eta dinamikoak izan behar gara. Horrek, ordea, ez du esan nahi antzinako esperientziei jaramonik egin behar ez diegunik.
Horregatik, garrantzitsua da gurearen ezberdinak izan diren beste esperientziak ezagutzea. Eta zehazki, sexuari dagokionez, hemen lantzen ari garena baita. Beraz, “gure zibilizazioan ez bezala, Troibriandsen jendartea nerabeen sexu bizitzaz arduratzen da eta erraztu egiten du, bereziki bakarrik egon daitezkeen etxolak eskainiz, eta baita beste arlo batzuetan ere, eurek prozesu naturalez duten jakintzarekin bat”.
Gehienentzat horrela zen, nahiz eta azaltzen diguten ezberdintasunak zeudela eta zergatik zeuden: “Haur talde bat soilik bereizten da gerta-aldi natural horretatik. Ekonomikoki onuragarria den ezkontza izateko patua duten haurrak dira horiek. (Lehengusu gurutzatuen arteko ezkontza mota hau beti agertzen da, ikerketa etnologikoek erakusten dutenean egungo edo historiako matriarkatu baten existentzia). Mota horretako ezkontzarako patua duten haurrak gureak bezala hezten dira, abstinentzia sexualean, eta neurosiak eta gure neurotiko karaktereologikoetan ezagunak egiten zaizkigun ezaugarriak erakusten dituzte. Euren abstinentzia sexualak menpekoak sortzeko funtzioa betetzen du. Sexuaren ukapenak funtsezko tresna izaera du esklabotza ekonomikoaren ekoizpenean”.
Hemen garbi ikusten da psikologiaren beste pentsamendu korronte batek azaltzen dituen argumentuak okerrak direla. Freud buru duen korronte psikologiko honek aitortzen du errepresio sexuala ez dela biologikoa, kulturala baizik. Baina, dio errepresio sexuala ezinbesteko ezaugarri kultural eta soziala dela kulturaren sorkuntzan eta ugalpenean. Alegia, kultura orokorrean eta ekoizpen kulturala errepresio sexualari esker existitzen direla. Alegia, sexualitatea erreprimituko ez balitz ez litzatekeela kulturarik izango. Guretzako, baieztapen hori faltsua da, arrazoi askorengatik: “haurrarengan eta nerabearengan egiten den ukapen sexuala ez da, psikoanalisiak heziketa kontzeptu tradizionalak oinarri hartuta esaten duen moduan; kultura, sozialitate, ardura eta garbitasunaren garapenaren aurre-baldintza: zehazki aurkakoa da. Trobriandarrek, euren askatasun sexual natural osoarekin, nekazal garapen altua ez ezik, 1930 edo 1940ko edozein europar naziorentzat ametsa izango litzatekeen gauzen egoera orokorra lortu zuten”.
Altuago esan daiteke, baina ez garbiago: “Haur osasuntsuek sexualitate natural espontaneoa dute. Haur gaixoek, sexualitate artifiziala dute, alegia, perbertsioa. Hezkuntza sexualaren kontu honetan kontrajartzen dugun alternatiba ez da ondorioz, sexualitatea edo abstinentzia, bizitza sexual natural eta sanoa edo perbertsioa eta neurotikoa baizik”.
ERREPRESIO SEXUALAREN FUNTZIO SOZIALA
Errepresio sexuala, beraz, ez da kasualitatez existitzen, funtzio soziala betetzen du patriarkatuaren zibilizazioan (eta gaur egun kapitalistan), ez dena kultura osatzea. Zapalkuntza sexualaren funtzioa egungo zapalkuntza orokorra bere horretan mantentzea da, are gehiago, aukera baldin badu zapaldua den masa ahalik eta gehien zapaltzen utziko den egoera sortzea du xede, bere egoera modu konformistan asumituko duena eta ez duena protestatuko. Errepresio sexualaren funtzioaren arrazoia klase kapitalista menperatzaileari onurak eragiten dizkion egoeraren mantentzean aurkitzen dugu, bere abiapuntua jabego pribatuaren sorreran kokatu dezakegu.
Horregatik diogu “kontua ez dela kulturala, ordena sozialari dagokiona, baizik. Errepresio sexualaren historia eta jatorria aztertuz ikus dezakegu ez dela ageri garapen kulturalaren hastapenetan, eta beraz, ez dela kulturaren sorrerarako aurre-baldintza, are gehiago, erlatiboki berandu hasten da osatzen, ekoizpen moduen jabego pribatua eta lanaren sexu banaketa azaltzen denean”.
Azken bi mendeetan ezkerreko mugimendu iraultzaile eta alternatiboek sozialismoaren, anarkismoaren eta komunismoaren baitan garatutako teoria eta praktikak hartu dituzte analisi tresna modura mundua ulertu eta eraldatzeko.
Zehazki, marxismoa izan da analisi metodo gisa (materialismo dialektikoa) balio izan diena zientoka mugimendu iraultzaileri euren errealitate konkretua eta orokorra interpretatu eta errealitate horren eraldaketarako praktika zehatza definitzeko. Mundua irauliz azken bi mendeetan. Hastapenean, analisi horiek zapalkuntzaren oinarria eta bere deskribapena izan zuten ardatz: zapalkuntza sozio-ekonomikoa zapalkuntzaren oinarri gisa. Orokorrean mugimendu iraultzaileek azken 150 urteetan sistemaren egiturazko aldaketa sakonak bilatu dituzte, zapalkuntza sozio-ekonomiko hori aldatzeko helburuarekin, gero, berriaren gainean beste jendarte bat eraikitzeko. Marxismoa muturreko interpretazio ekonomizista dela salatu dute batzuk. Batez ere, ideologo burges eta kontrairaultzaile damutuek askotan erabili duten elementua eta kritika izan da hau. Nahiz eta, posible den zati baten egia izatea, ez estankamentuagatik, garapenagatik eta logika historikoagatik baizik, eta garapenean zen teoria berri baten mugapen logikoengatik.
Beraz, “jendartearen prozesu ekonomikoa eta ekonomia pribatuan oinarritutako zapalkuntza mekanismoa, soilik, hartzen ziren kontuan”.
Baina, denborarekin eta zientziaren garapenarekin, eta esperientzia iraultzaile praktikoekin, marxismoak bera, bere analisi orokorraren baitan elementu berriak txertatuz joan da. Asko zientzia eta eremu ezberdinetatik egindako ekarpenak eta eguneratzeak izan dira: soziologia, ekologia, feminismoa, gazteria, hezkuntza, psikologia, komunikazioa, nazioak, osasuna, kultura, pedagogia, ekonomia, filosofia…
Psikologiaren eremutik sexualitatearen gaineko ekarpena garatu zen analisirako ikuspegia aberastuz eta eguneratuz. “Ekonomia sexuala, eremu honetan, materialismo dialektikoa aplikatuz landutako giza bizitza sexualaren soziologia baten bidez garatu den ikerketa ildo bat izan da, izaera berriko hainbat baieztapen osatu dira, jada. Honako usteetatik abiatzen da:
Marxek bizitza soziala ekoizpen ekonomikoaren baldintzen eta, historiaren momentu zehatz batean, hortik eratortzen diren klaseen arteko borroken baldintzen domeinupean aurkitu zuen. Ez da ohikoa ekoizpenerako bitartekoen nagusiek zapalkuntzarako bortizkeria erabiltzea; euren armarik indartsuena zapalduenganako duten botere ideologikoa da, estatu aparatuak eusten duen boterea”.
Modu honetan aberastu zen ikuspegi orokorra, ordura arte nahikoa aztertu ez ziren elementuekin, ezinbesteko elementuak jendartearen eta norbanakoaren ekinbide soziala ezagutzeko eta osatzeko. Modu horretan errepresio sexualaren funtzio sozialaren garrantziaz jabetuz: “Dakigun moduan, Marxek historiaren eta politikaren lehen aurre-uste gisa pertsona biziduna ezartzen du, bere nolakotasun fisiko eta psikikoekin erakusten duena. Pertsona aktiboaren egitura, “historiaren faktore subjektiboa” deitzen den hori aztertu gabe izan da; izan ere, Marx soziologoa zen eta ez psikologoa, eta gainera, bere garaian oraindik ez zegoen psikologia zientifikorik. Arazoa erantzunik gabe geratu da, eta arazoaren muina honakoa da: zergatik eusten diote pertsonek mendez mende zapalkuntzari, umilazio moralari, hitz gutxitan, esklabotzari?”
Horregatik, psikologia marxista deitutakotik, edo psikologiari eta sexualitateari aplikatutako materialismo dialektikotik, saiakera egiten da ordura arte inoiz kontuan izan ez ziren eremuak lantzeko: “Ekonomiak ez du kontuan izan, orain arte, funtsezkoa klase kontzientzia langileen artean izan badela jakitea baino (hori nabarmena da), zerk oztopatzen duen klase kontzientziaren garapena ikertzea dela”.
Modu horretan bereizketa argia egiten da herriaren mesedetara egongo den psikologia dialektikoaren funtzio sozialaren eta sistemaren baitan birkokatzea xede duen ohiko psikologia burgesaren funtzio sozialaren artean. Adibidez, “gosez den pertsona batek lapurtu egiten duenean, edo langile batek greba egiten duenean zapaldua dagoelako. Psikologia burgesak ohikoa du kasu hauetan psikologiaren bidez langilea grebara edo pertsona lapurtzera eraman duten arrazoiak, irrazionalak deituak, bilatzea. Honek, beti, azalpen erreakzionariotara darama bilaketa. Psikologia materialista dialektikoarentzat alderantzizkoa da kontua: beharrezkoa ez da azaltzea zergatik gosea duenak lapurtzen duen edo zapalduta dagoenak greba egiten duen, baizik, zergatik gosea duten gehienek ez duten lapurtzen eta zapalduak diren gehienek ez duten greba egiten”.
Beraz, klase dominatzailea eskura dituen aukera guztietan oinarritzen da egungo zapalkuntza egoerari eusteko. Sexu zapalkuntzari eusteko.
5.- KONTROL ELEMENTUAK
Zapalduak zapalkuntzaren aurrean erantzuten ez duen neurrian, zapalduak bere egoera asumitzen duen neurrian, zapaltzaileak munduko herrien zapalkuntzatik lortzen dituen onura material, immaterial, sinboliko, kultural eta ekonomikoak probesten jarraitzen du. Sexualitatearen eta plazerraren ukapenak eta mugapenak kontrol eta menderakuntza otzanerako oinarria errazten du. Bizitzaren ukapenak plazerraren ezinegona sortzen du eta “plazer ezinegon horretan izkiriatzen ditu norbanakoak diktaduren oinarria diren ideologia ukatzaileak. Bizitza libre eta independentearekiko beldurraren oinarria da. Energia iturri boteretsua bihurtzen da politika erreakzionarioa oinarri duen ekinbide politiko oro gauzatzeko eta langile masa nagusia menperatzeko”.
Eta diktaduraz ari garenean, ezagutzen dugun diktadura modu orotaz ari gara. Alegia, ez gara ari soilik diktadura gogor eta basatiez, ezagunena dugun horretaz: diktadorearekin, zentralizatua, bortizkeria zuzen orokortua… Diktadura “bigunetaz” ere ari gara, demokrazia burges itxura duten horietaz; non hauteskundeen, merkatu librearen, kontsumismo basatiaren eta agintari ekonomiko eta politikoenganako obedientziaren zilegitasuna ikuskatzen baituten estatuen eta nazioarteko erakundeen ejertzito eta polizia “zilegiek”.
Diktadura bigun hauetan beste itxura bat hartzen du faxismo ezkutuak. Eta hori da gure jendartea, gure egungo jendarte eredua; oinarritzat aurrez sortutako beharrak, kontsumismo irrazionala, balio gabezia, bakartasunari izua, norberekeria egozentrikoa, botere nahia, itxurakeria, zoriontasun faltsua… dituena. Eta jendarte eredu honen garapenean inoiz baino beharrezkoagoa da sexu errepresioa eta masen kontrola. “Egi hauetako bat da, diktaduraren funtsa herriak orokorrean bizitzari dion beldur irrazionala dela”.
Sistemak funtziona dezan eta masak aginduak bete ditzan modurik onena herria bizi duen egoeraz ez konturatzea da, ez esnatzea, lotan jarraitzea, alienatua, inkontziente. Masa zapaldua esnatzen bada, konturatu egiten da zapaldua izaten ari dela, orduan errebelatu egiten da, eta sistemak erreprimitu egin behar du. Hori gertatzen bada, sistemaren oreka galtzen da, eta ez du behar bezain ongi funtzionatzen, eta ez dira lortzen lortu beharko liratekeen onurak. Beraz, sistemaren helburuetako bat desorekarik ez egotea izango da, masa zapaldua ez esnatzea, erreprimitu beharrik izan ez dezan.
Horregatik, sistema kapitalista pratiarkalak jaiotzen garenetik eta gure bizitzako eremu guztien kontrolerako estrategia prebentiboa planteatzen du. Gure bizitzaren zuzeneko edo zeharkako kontrola eta menperatzea, sistemak behar bezala funtzionatzeko lehentasuna izango da. Kontrolerako ez daude, soilik, erraz ikus daitezkeen poliziak eta ejertzitoak. Kontrolerako beste hainbat elementu daude gure jendarteko eremu ezberdinetan gerizpean: hedabideak, erlijioa, morala, familia, hezkuntza, publizitatea, osasun sistema…
Kontrolerako bitarteko hauen bidez errepresio sexuala indartu, betierekotu eta berritu egiten da sistemaren egoera eta behar berrietara egokituz. Ikus ditzagun, azal-azaletik bada ere, elementu hauetako batzuk.
Morala.
Moral sexual burgesa eta katolikoa uste duguna baino hedatuagoa dago eta uste duguna baino eragin handiagoa du. “Errepresio sexuala, zurruntasun biologikoa, moralizaziorako eta puritarismorako mania… ez dira mugatzen talde edo klase sozial zehatz batzutara. Nonahi daude. Moralitatea ere diktadura da, bere azken ondorioa bizitzarekiko sentimendu naturala duen pertsona oro pornografiaren pare jartzea baldin bada. Nahi eta ez, horrela betierekotzen da lizunkeria eta zoritxarrera eramaten da maitasunarekiko zoriontasun naturala. Protesta irmoa gauzatu behar da bere jarrera soziala kanpoko modu konpultsiboetan baino, barne legeetan oinarritzen duen pertsonari inmorala deitzen zaionean”.
“Hipokresia moralizatzailea da moral naturalaren etsairik arriskutsuena. Hipokresia moralizatzaileari ezin zaio beste moralitate konpultsibo batekin aurre egin, prozesu sexualen lege naturalaren ezagutzarekin baizik. Jarrera moral naturalak oinarrian du prozesu sexual naturalen askatasuna”.
Familia
“Denon interes sexualak gutxi batzuen interes ekonomikoen mesedetara egoten hasi dira; antolatzeko modu baten oinarritzen da hau: ezkontza monogamikoa eta familia patriarkala. Sexualitatearen errepresioarekin eta mugapenarekin pertsonaren sentitzeko modua moldatzen da, sexualitatearen ukatzailea den erlijioa azaltzen da eta klase dominatzaileak pixkanaka-pixkanaka politika sexualerako antolakuntza propioa eraikitzen du: Elizak, bere aitzindari guztiekin, xede bakarra du: plazer sexualaren, eta beraz zoriontasunaren, deuseztea. Honek zentzu soziologiko osoa hartzen du giza indarraren esplotazioarekin lotzen bada”.
“Familia da ekonomia pribatuan oinarritutako sistema sozialaren erreprodukzio ideologikorako eremurik garrantzitsuena. Izaera oinarri autoritarioan osatzeak ez du funts gisa gurasoen maitasuna, familia autoritarioa baizik. Bere tresnarik nagusiena haurrari eta neraberari egiten zaion sexualitatearen ukapenean dago”.
Hezkuntza egitura
Bestalde, ikastetxe guztiek, unibertsitateek, irakasleek eta edukiek osatzen duten hezkuntza sistemaren egitura guztia daukagu. Sistemaren egitura honek, sistemarentzat oinarrizkoa den funtzioa, adin jakin batera arte jendartearen zati bat ideologizatzea, betetzeaz gain sexu errepresioaren zutabeak ezartzeko funtzioa ere betetzen du. Moral burgesaren transmisore hutsa da haurrak euren aurkikuntza propiotik aldenduz, sexualitateaz ikuspegi hertsia sortuz eta ugalketarako elementu huts gisa kokatuz.
Familiarekin batera garrantzia handiena duena da, izan ere, garenaren oinarria, pertsonaren gainontzekoa eraikiko den zimendua, 0 eta 6 urte artean sortzen baita. Eta bereziki 0 eta 3 urte artean. Garenaren gainontzekoa eraikiz eta aldatuz joan ohi da. Baina oinarri hau oso zaila, agian ezinezkoa, izango da aldatzea gure bizitza osoan. Hori da norberaren oinarrizkoena. Oinarri honetan sexualitateak berebiziko garrantzia du.
Eta oinarri honen (0-6) eraikuntza, haurtzaroaren eta nerabezaroaren garapenarekin batera, funtsezkoa da pertsonaren eraikuntza.
Osasun-sistemaren egitura
Osasun-sistemaren egitura burgesak, hezkuntza sistemak bezala, ez du xede pertsonaren ongizatea ikuspegi integral batetik. Sistema honen funtzioa izorratzen diren pertsonak konpontzea da, berriz ere sistemaren gurpilean barneratzeko. Ez dute osasuna eta osasun sistema bizitza sozialarekin eta egitura sozialarekin lotuko dituen planteamendu integralik.
Kontrol elementu hauek, eta beste batzuk, pertsonaren eraikuntza eta moldaketa dituzte xede, protestatuko duen arazo bat ez izateaz gain, sistemaren funtzionamenduan barnebilduko den pertsona bihurtzeko. Sexualitatearen mugapena eta zapalkuntza-errepresio sexuala kontrol horretarako oinarrizko tresna da. Nahiz eta zapalkuntzarekin lotzeko zailenetakoa eta sakonenetakoa den, ez baita ageri ikusgarria zaigun egitura sozialaren baitan; pertsonen barren barrenean ezkutatzen da, nortasunean, jarreran eta izateko moduan. Gure baitako zokorik ilunenean ezkutaturik.
6.- POTENTZIALITATE ASKATZAILEA
Bizitzaren ukapenaren eta sexu zapalkuntzaren aurrean; sexualitateak, egungo ikuspegi murritzailetik baino, ikuspegi INTEGRAL batetik ulertuz gero, bere baitan bizitza sortzeko aukera handiak gordetzen ditu; bere baitan energia positibo handia eta pertsonen orekarako eta honek ingurumen naturalarekin dituen harreman sozialetarako oinarrizkoak diren elementuak gordetzen ditu.
Pertsonak bere baitan gordetzen dituen aukeren garapena, justizian eta bizitzarekiko errespetuan oinarritutako jendarte baten oinarria da. “Bizitzarekiko sentimendu naturalean eta lanaren bitartez lortutako gauzatzearen errespetuan oinarritutako, herriak herriarentzat erabilitako, botere soziala garaiezina litzateke. Baina botere hau ez da eraginkorra izango langile eta ekoizle masak psikologikoki independenteak bihurtu artean, gai ez diren artean bere existentzia sozialaren erantzukizuna asumitzeko eta euren bizitzak modu arrazionalean erabakitzeko”.
“Egizko garbiketa mentala osatzeko, ezer baino lehen, norbanakoaren ezinbesteko indarren oztoporik gabeko garapena bermatuko duen eta behar materialak ezabatuko dituen marko soziala behar dugu. Marko hori egiazko demokrazia da, ezin liteke besterik izan”.
“Baina egiazko demokrazia hori ez da zerbait zurruna, ez da emana izan daitekeen ‘askatasun’ egoera bat, ez da inposatu zaizkien edo euren erabakiz sortu diren gobernu organismoek pertsona multzo bati emandako edo bermatutako egoera bat. Alderantziz, egiazko demokrazia prozesu zaila eta geldoa da, non jendarteak eta legeek babestutako herriaren masek bizitzaren antolaketa indibidual eta sozialaren, alegia, bizidunaren, antolakuntzan hezteko aukera guztiak gozatzen baitituzten (eta ez hartzen dituzten); pertsonek bizi egoera hobera garatzeko aukera duten prozesua”.
Bide horretan, gure baitan, potentzialitate askatzaile handia gordetzen dugu. Bizitza-plazerra sortzen duen energia daramagu gure baitan. Soilik, kontziente izan behar gara horretaz. Gu geronen burua ezagutu eta gure aukerak elkarbanatu behar ditugu.
“Gure mundu malapartatuaren borroka odoltsuen emaitza edozein dela ere, datozen belaunaldientzat, bizitzaren zientzia tirania eta indar negatibo guztiak baino indartsuagoa da”. Horregatik, funtsezkoa da egungo sistema patriarkala eta kapitalista kritikatzen dugun neurrian, antolakuntza-egitura ezberdinak abiarazten ditugun neurrian, barneratzea gure borrokaren baitan zein urgentzia duen beste balio batzuetan oinarritutako harreman sozio-afektibo-sexualen eredua BER-sortzeak, pertsonaren garapen integrala bilatuko duen eta bizitza sortuko duen energia-sentimendua sortzeak.
7.- IRAULTZA INTEGRALA IZANGO DA, EDO EZ DA IZANGO
Aurrez esan dugun moduan, esperientzia iraultzailea eta alternatiboa oinarri historiko-praktikoa hartuz joan den heinean, askatasun sozialaren teoria ezberdinei egindako ekarpenak aberastu egin dira. Eremu, espezialitate, mugimendu, sektore… ezberdinetatik iraultzaren ikuspegia handituz joan da. Jada, ez dugu soilik sindikatuez hitz egiten, antolakundeez ari gara, subjektua ez da langilea, langile masa baizik, borroka eremuak hedatu egin dira, hezkuntza, fabrikak, ekologismoa, feminismoa, antimilitarismoa, urbanismoa, sozio-ekonomia, kultura, literatura, musika, artea, komunikazioa, asoziazionismoa… zabala da aukera eta guzti horietatik ikuspegia zabaltzen duten ekarpenak egiten dira.
Hala ere, nahiz eta ikuspegia asko zabaldu den, oraindik gehiago sakondu behar da iraultza INTEGRALA izatea nahi badugu. Zer esan nahi dugu horrekin? Nahiz eta lan eremuak aurreko garaiekin alderatuz gero asko hedatu diren; eremu guzti hauetatik, modu oso orokortuan, sistema kapitalistaren bideragarritasun ezari kritika orokor eta egiturazkoa egiten zaio; eta nahiz eta borroka hauetako asko herri mailan lantzen diren, eta nahiz eta borroka hauetako askok herria bera duten eragin eremu gisa, ezin dute ekidin sistemaren egiturazko elementuen gainean aritzea. Tartean, aldaketa orokorrik gabe ezin aldatu ahalko diren problematika asko.
Esan nahi dugu, borroka ia guzti hauek ezbaian jartzen dutela sistemaren egitura soziala eta antolakuntza-egitura modua. Nahiz eta bakoitzak bere eremutik egiten duen, bere ikuspegi eta irizpideekin; eta segur aski, gehienetan, lan eremu ezberdinen arteko komunikazio eta koordinaziorik gabe, honek dakarren sinergiarako eta indarren metaketarako ezintasunarekin. Baina, akats horiek alde batera utzita, egitura sozialaren aurkako borroka zabala (ekonomia, hezkuntza…) ongi planteatua dago. Eta noski, ez dago gaizki egina. Mundua aldatu nahi bada, segur aski, lan eta ikuspegi hori funtsezkoetako bat izango da.
Baina, iraultza INTEGRALA izan behar da EDO EZ DA IZANGO. Alegia, bada beste borroka eremu bat, egitura sozialarekin harreman handia duena, baina beste maila pertsonal-harremanezko-indibidual-kolektiboetan garatzen dena eta ezinbestekoa dena iraultza integrala izan dadin.
Aitzakiarik ez! Aitortu behar dugu, pertsonaren eremu guztietan (errepikatzen dugu) guztietan sakoneko lana egin ezean, ezingo dela pertsonaren egitura sozial eta mentalean aldaketa sakonak eragingo dituen goranzko dinamikarik garatu.
Horregatik, mintzagai dugun gaiaren inguruan jendarteaz dagoen ikuspegi ofizialak, askotan ikuspegi alternatibo eta iraultzailearekin bat etortzen denak, dio alde batetik bizitza dagoela eta bestetik sexualitatea eta norberaren gauza pribatuak eta pertsonalak. Horrela, badira iraultzaileak diotenak alde batetik bizitza eraldatu nahi duen iraultza dagoela eta bestetik norberaren kontu pribatu eta pertsonalak daudela. Eta ikuspegi ez zabal eta mugiezin horrekin, ikuspegi mugatu eta ez orokor horrekin, ez goaz ongi. “Egungo pertsonaren izaeraren egituraren zatiketaren ondorioz, bateraezinak dirudite naturak eta kulturak, instintuak eta moralitateak, sexualitateak eta norberaren garapenak. Giza arrazak betitik amesten duen kulturaren eta naturaren, lanaren eta maitasunaren, moralitatearen eta sexualitatearen batasun horrek amets hutsa izaten jarraituko du pertsonak berezko asetze sexualaren exijentzia biologikoak (orgastikoak) ahalbidetzen ez dituen bitartean. Ordura arte egiazko demokrazia eta erantzukizunezko askatasuna ilusio hutsa izango dira, dauden baldintza sozialekiko menpekotasun inpotentea izango dira gizateriaren existentziaren oinarri. Ordura arte bizitzaren anikilatzea izango da nagusi, heziketa konpultsiboaren forma hartuz, instituzio sozial konpultsiboen forma hartuz, edo gerra bidez”.
Horregatik ikusi behar da IRAULTZA ikuspegi osoago batetik. Giza kolektiboaren askatzea egiazko prozesu demokratiko gisa ulertuz, justizia eta bizitza bere osotasunean disfrutatzea ahalbidetuko duen askatasun gisa. “Mundua bezain antzinakoa den bizitza soziala demokratizatzeko ametsa autodeterminazioan oinarritzen da, sozialitate eta moralitate naturalean, laneko zoriontasunean eta maitasunaren zoriontasunean. Amets hori dutenek ilusio oro arrisku gisa ikusten dute. Beraz, ez diote beldurrik izango bizitza funtzioaren ulermen zientifikoari, aldiz, giza izaeraren egituraren osaketarekin harremana duten arazo erabakigarriak sakonean ezagutzeko erabiliko dute; modu horretan, arazo horiek itxuraz dominatu baino, modu zientifiko eta praktikoan landuko dituzte”.
Baina, lanaren prozesua modu logikoan erregulatzen duten kontraesan estruktural-ekonomikoak askatzetik haratago joango den borroka izan behar da. “Alde guztietatik borrokatzen dute pertsonek forma hutsa den demokrazia produkzio lanean ari diren guztientzako egiazko demokrazia bihur dadin, lanaren demokrazia bihur dadin, esan nahi baita, lan prozesuaren antolaketa naturalean oinarrituko den demokrazia izan dadin”.
Aurrez esan dugun moduan, hori beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. “Ez da bakerik izango gure lurrean eta gizakia sozializatzeko saiakera guztiak antzuak izango dira, bizitzaren prozesuaz ideiarik ere ez duten modu bateko edo besteko diktadore eta politikoek endemikoki neurotikoak eta sexualki gaixoak diren indibiduo masak zuzentzen diharduten bitartean. Pertsonaren sozializazioaren funtzio naturala maitasunaren garapen naturala eta lana bermatzea da. Pertsonaren bi ekinbide biologiko horiek, beti, pentsamendu eta ikerketa zientifikoaren menpe izan dira. Ezagutza, lana eta maitasun naturala dira bizitzaren iturriak. Hauek izan beharko lukete bizitza gobernatzen duten indarrak”.
“Demokraziaren alde ala kontra gauden galdetuko baligute, gure erantzuna honakoa litzateke: demokrazia nahi dugu, zalantzarik gabekoa eta mugapenik gabekoa. Baina, egiazko demokrazia nahi dugu bizitza errealean, eta ez paperean. Ideal demokratiko guztien garapen osoa babesten dugu, izan ‘herriaren gobernua, herritik eta herriarentzat’ edo izan ‘askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna’. Baina, funtsezko puntu bat gehitzen diogu: ‘Kendu itzazue garapenaren bidean dauden oztopo guztiak! Egin ezazue demokraziaz zerbait biziduna! Ez egin demokrazia itxurak! Bestela, faxismoak irabaziko du leku guztietan!”
Hemen azaltzen ari den oinarriarekin ados izan ezkero, ikusi beharko litzateke, gutxienez, sexualitatearen inguruan orain subjektu batzuk garatzen dutena baino ikuspegi zabalago, erradikalago eta sakonagotik egindako gutxieneko lan baten beharra. Ikusi beharko litzateke, gutxienez, lantzeko beharra jendartearen bizitza prozesuetan sexualitateak duen garrantziagatik eta honen ukapenak sortzen duen aukeren ukapenerako oinarriagatik.
Horretarako, sexualitatearen baitako gutxieneko dinamika garatu ahal izateko, eta jakinik gai sakona, nahaspilatsua eta zaila dela, ezagutu behar dugu gaur egun zein egoeratan gauden.
8.- EGUNGO EGOERA
Leku gehiegi hartuko luke sexualitatearen inguruan gure herrian, eta orokorrean munduan, dagoen egoera aztertzeak. Gainera, ez da testu honen xedea. Beraz, gerturatze eskematikoa egiteko zertzelada batzuk besterik ez ditugu marraztuko.
ZAPALKUNTZA SEXUALAZ
= zapalkuntza sexuala historian zehar aldatu egin da kulturak, antolakuntza sozialerako moduak eta horietatik eratorritako harreman sozialak aldatu diren neurrian. Beraz, zapalkuntza sexuala ezberdina izan da, eta ezberdina izaten jarraitzen du, aro historiko bakoitzean, bai denboraren eta baita kokapenaren arabera ere. Honek ahalbidetzen digu jakitea, egoera zehatz bakoitzean zapalkuntza horren ezaugarri zehatzak daudela.
= baina, bestalde, zapalkuntza bakoitzean elementu komunak izan dira, berezko izaera iraunarazi diotenak. Alegia, moduak aldatu badira ere, izaera, modu batean edo bestean, bere horretan mantendu da.
= Beraz, ez da zapalkuntza sexual bera 1346koa, 1840koa, 1933koa edo gaur egungoa. Zapalkuntza bera ez den bezala data horietan Egipton, Bolivian, Euskal Herrian edo Norvegian izandakoa. Baina, aldi berean, elementu orokor komunak dituzte.
= Modu azkar eta orokorrean zapalkuntza sexualaren elementu komunak honakoak direla esan dezakegu: behar afektibo-sexualen ukazioa, (beharrak gaindituz) pertsonaren bizitza-plazerra sortu eta biderkatzeko aukeren ukapena, emakumearen menpekotasuna gizonarekiko eta sexualitate patriarkalaren zakilean oinarritutako ikuspegia (ikuspegi falozentrikoa), patriarkatuaren eginkizunen inposizioa (izateko, sentitzeko eta pentsatzeko eren inposizioa), bai emakumeei eta baita gizonei ere.
= gu bizi garen garai eta kokapen honetako elementu zehatz aipagarrienak hauek izan daitezke:
- Sexualitatearentzako eremuen askapen prozesu baten itxura
- Berriki egin den sexualitatea beraren mugapen eta ukapenarekin kontrastatzen duena.
- Gure bizitzako eremuetan geroz eta gehiago mekanizatu eta kontrolatzen den “sexualizazioa”
- Emakumearen erabilpen basatia desio elementu gisa, bizitzaren edozein eremutara, baina bereziki kontsumora, aplikatua.
- Merkatu negozio sexual gisa industria sexual zuzenaren hazkundea
- Merkatu guztietan transbertsalki egiten den desio sexualaren erabilpenaren hazkundea.
- Desio inkontzienteen eta espektatiben elikadura, autoestimaren suntsipena eta frustrazio egoera orokortua sortuz.
- Industria pornografikoak bultzatzen duen eredu falozentriko eta matxista, zuzenki emakumearen sexualitatea diskriminatuz (eta zeharka gizonarena berarena).
= Elementu orokor gisa honakoa laburtu dezakegu: espektatiba sexualez beharra eginez hauek elikatu eta esnatzea helburu duen “sexualizazio” prozesu mekanizatu eta kontrolatua ari gara bizitzen. Eta desio sexual inkontziente eta sortutako horietaz SISTEMAK EGITEN DUEN ERABILPENA bizi dugu, honako helburu orokorrekin:
- Behar, espektatiba eta desio faltsuen sortzea kontsumoa areagotzeko: gure kontsumorako gogoak handitzea, gure behar faltsuak hobeto sortuz eta zuzenduz. Modu horretan, gure desioak erabiliz eta manipulatuz kontsumismo irrazionala areagotzeko eta merkatuaren irabaziak handiagotzeko.
- Zeharkako eta zuzeneko kontrol sozialaren areagotzea: pertsona menpekoagoak, erabilgarriak eta arazo gutxiago sortzen dituztenak izatea eragiten duen sexu ase-ezintasuna sortzea.
- Patriarkatu falozentrikoaren, eta ondorioz emakumearen menpekotasunaren, mantentzea: sexualitate falozentrikoa eta matxista duen patriarkatuaren balioak elikatzea, emakumea zapalduz eta gizonaren botere ahalmenak bere horretan mantenduz.
- Pertsonen deuseztatzea subjektu aktibo gisa eta egiazko beharrekin zoriontasuna lortzeko protagonista gisa: pertsona itzalduak eta alienatuak sortzea, menpekoak eta esandakoa egingo dutenak. Ikusi gabe plazerra duten eta sortu dezaketen pertsonak direla, euren baitan bizitza eta gozamena sortzeko gaitasun handiak dituztenak, egiazko zoriontasuna lortzeko elementu material handirik behar ez dutenak.
Egungo zapalkuntza sexualaren forma eta ezaugarriekin ageriko disfuntzio batekin topatzen gara. Alde batetik sexualitatearen mugapenak eta beraren erabilpenak geroz eta garrantzia handiagoa du sexualitatearen zapalkuntzaren alienazioan eta kontrolean. Bestalde, gabezi garrantzitsu bat dago: ez gara elkar aurkitzen ikuspegi oso batetik zapalkuntza mota honi aurre egiteko modu zehatzak, kontzientziatzea eta jarrera kolektiboen planteamenduak landuko ditugun kolektibo alternatiboak.
Egia da, gauzak egin, egiten direla. Begira dezagun modu arinean zein diren sexualitatearen eremuan lan zuzena edo zeharkakoa egin dezaketen subjektuak eta ze lan egiten duten.
Sexualitateko espezialistak (sexologia adituak)
Normalean ikuspegi profesional batetik egiten dute euren lana. Bi eremutan banatu dezakegun lan beharrezkoa egiten dute:
Ø ikerketa zentroei zerbitzuak: gehienean sexu informazioaren garapenera mugatzen dira (ugalketa, gaixotasunak…) Nahiz eta saiatzen ari den edukia zabaltzen eta urrats positiboak egiten ari diren norabide horretan. Gurasoekin ere lan egiten dute.
Ø Sexologia zerbitzuak: normalean hainbat zerbitzu (terapia sexuala, arazoen konponketa, ikastaroak…) eskaintzen dituzten sexologoen proiektu profesionalak dira (bulegoak, kabineteak…).
Bai batean eta bai bestean, egiten duten lana baliagarria da. Gehienean arazoen konponketa da euren ekinbidea, edo sexu informazioa ematea arazoen prebentziorako. Baina hau lan zehatza da, pertsonen momentuko problematika eta egoera zehatzei erantzuten diena. Alegia, miseriak konpontzen saiatzen da edo pertsonen arazoak ahalik eta txikienak izan daitezen saiatzen dira. Eta lan hori beharrezkoa da. Ez dugu ukatzen. Ezin da ukatu, aitortu egiten dugu. Baina, aitortu behar dugu ez dela egiten zapalkuntza sexualaren gaineko kritika orokor eta integrala eta zapalkuntza sexuala ez dutela lotzen gainontzeko zapalkuntzekin. Ez dutela kokatzen irakurketa kritiko eta sakona, momentuko egoerak konpontzeaz gain, zapalduaren kontzientzia lantzeko eta zapalkuntza orokorraren baitan kokatzeko. Aktibatzea eragingo duen kontzientzia. Alternatibak planteatzeko jarrera kolektiboen aktibatzea xede izango duena.
Posible da sexologia kabinete gehienek inoiz ez bilatu izana helburu hori. Eta ez diogu hori egin behar dutenik (edo bai, zeharka?). Baina, argi dagoena da norbaitek egin beharko lukeela.
Sexu askapenerako mugimenduak
Bestalde, sexu askapenerako mugimenduak (espezifikoak) ditugu. Hauen gorakada hirurogeita hamargarren hamarkadan izan zen, 68ko iraultza deitutakoaren ostean, hortik aurrera sortu ziren mugimendu sozial berriak deitutakoen baitan (mugimendu ekologista, feminista, antimilitarista, sexu askapenekoa, ikasleena…). Hastapenean, mugimendu hauentzat sexu askapena jendartearen harreman moduen eraldaketa erradikala zen, honek sistemaren sakoneko kritika zekarren eta bera eraldatzeko planteamendua. Mugimendu hauetan pertsona homosexualak eta heterosexualak izan ziren.
Denboraren poderioz, mugimendu hauetako gehienak desagertu egin ziren, eta geratu zirenak (normalean) gay eta lesbianek osatutako antolakundeak izan ziren, zuzenean homosexualitatearen errespetuagatik borrokatzen zutenak, eta ondorioz, sexualitatea bizitzeko modu ezberdinen alde.
Baina, mugimendu hauetako gehienek atzean utzi zituzten bere garaian egin ziren aldarrikapen eta irakurketa kritikoak, albo batera utziz jendartearen egitura eraldatzeko beharra. Are gehiago, denborarekin homosexualen mugimendu oso instituzionalizatuak sortu dira, helburu bakar gisa sistema kapitalista eta patriarkal honek bikoteari aitortzen dizkion eskubide juridikoen jabe egitea dutenak. Modu horretan, sexu askapenerako borroken edukia mugatuz, harreman sozialen eta jendartearen eraldaketa nahi izatetik (familiaren abolizioa, bizitza kolektiborako forma berriak, ekoizpenerako forma berriak…) eskubide juridiko batzuen aitorpena eskatzera, pertsona horiek gainontzekoak bezala sistema juridikoaren baitan integra daitezen.
Mugimendu alternatiboak
Mugimendu alternatibo eta iraultzaile gehienek ez dute borroka eremu hau lantzen. Euskal Herrian mugimendu gutxi batzuk landu dute eta oso modu zehatzean. Bi ezagutu ditugu, nagusiki, gazte mailan eta ez horren gaztetan:
Ø Emakume taldeak (gazteak izan edo ez): normalean, hauek izan dira mugimendu alternatiboen baitan modu sakon eta integralenean landu dituztenak. Nahiz eta asko lotu duten emakumeek patriarkatuaren aurrean pairatzen duten ukapen eta zapalkuntzara. (Ikastaroak, hitzaldiak, kanpainak, ekimenak…)
Ø Gazte asanbladak: gehienetan azaletik landu izan da kasu hauetan (hitzaldiak, tailerrak, sex-festa bat…)
9.- ZER EGIN? NOLA LANDU SEXUALITATEA
Errealitatea ikusita, zer esan dezakegu? Adibidez, errealitatea gordina dela. Gogorra dela errealitatea. Baina, agian gogorragoa da honakoa esan behar izatea. Pertsonen desioak eta espektatibak modu izugarrian manipulatzen ari den garai batean gaude. Zehazki, gizonezkoa eta emakumezkoa sentitzeko gaitasunik ez duten subjektu ez-pentsalari gisa erabiltzen ari den garaia: emakumea objektu desiragarri huts gisa aurkeztuz, eta gizonezkoa muturrera eramandako objektu desiratzaile huts gisa. Guzti honi gehitzen badiogu haziz doan prekarietate eta zapalkuntza egoera, ondorio latzak sor ditzake etorkizun ez hain urrun baterako, ikusteko gai ez garena baina ezinegona sortu beharko ligukeena. Abian da etorkizun ezjakin horren aukera sortzen ari den goldea. Bi aukera ditugu: bat, ez dela garrantzitsua pentsatu eta denborarik ez eskaintzea gaiari, alegia, ezer egin gabe itxarotea; edo, bi, antolatu eta aurre egitea ofentsiba txikitzaile honi sexualitatearen eremuan egindako lan integral baten bidez, bateragarria eginez iraultzaren beste eremuetan egin beharreko lanarekin eta lehentasunekin.
Baina… nondik hasi?
Kontuan hartu behar dugu, arineketan egiteagatik ez direla lehenago egiten gauzak. Alegia, bi hiletan ez dugula egingo urtetan egin ez dena. Gainera, barneratu behar dugu analizatzen ari garen lan eremuaren sakontasuna zein den.
Sexualitatearen eremua, indibidualki eta kolektiboki, ez da gainontzeko eremuak bezalakoa. Aurrez aipatu dugun moduan, bizitza osoan bestelako harreman eta moral kodigoen araberako zapalketa pairatu duen masaren egitura mental eta psikologikoaz ari gara. Alegia, ez gara ari manifestazio edo kontzertu batez, gauza oso sakonak ditugu mintzagai. Denbora asko beharko dutenak, aurrerapen txikiak ikusteko.
Segur aski beste hainbat eremutan ere gauza bera esan ahalko litzateke, baina, sexualitatearen eremuan zehazki, garrantzitsua da honako premisa kontuan izatea: “Ezinezkoa aldaketa sakona, aldaketa orokorrik gabe. Ezinbestekoa lan sakona aldaketa txikiak eragiteko”
Ezinezkoa aldaketa sakona, aldaketa orokorrik gabe
Baina aldaketa hau ez da egun batetik bestera eman daitekeena. Hitz egiten ari gara jendartearen eremu zabaletan eragingo luketen aldaketa sakonez, eta beste aldaketa sakon batzuekin batera eskutik helduta joan beharko luketenak, horiek gabe ez bailitzateke posible izango, edo egiazko zentzua galduko bailukete. Beraz, kontuan izan behar dugu, abiapuntua zein den ikusita oso zaila dela helburu gisa sexualitatearen eremuan aldaketa sakonak lortzea, bai epe motzean, bederen.
Ezinbestekoa lan sakona aldaketa txikiak eragiteko
Nahiz eta ez duen esan nahi, ezta gutxiagorik ere, gauzak aldatu ezin direnik. Joan daitezke aldaketa txikiak proposatzen. Eta aldaketa txiki hauen baturak, beste eremu batzuetako aldaketa txikiekin batera ekarriko dituzte aldaketa handiak. Sexualitatearen eremuan, antzeman beharko litzateke konponbide urgenteena eskatzen duen problematika zein den aldaketa zehatzak proposatzeko, nahiz eta horiei ikuspegi zabala eta orokorra eman beharko geniekeen.
DINAMIKA ETA ELEMENTU POSIBLEAK…
Testuaren hasieran ohartarazi dugun moduan, lanerako iradokizun soilak botako ditugu sexualitatearen eremuan lan egitea interesgarria iruditzen zaien pertsona eta kolektiboentzat. Botako ditugu, gure ustez, edozein antolakunde iraultzailek garatu beharko lituzkeen gutxienekoak, osatzeko bestelako lehentasun eta dinamika multzo batekin. Eta lan sakonagoak gaia sakontasun gehiagorekin lantzeko gogoa izan dezaketen pertsona eta kolektiboentzat. Jakinik jende guztiarentzako lehentasun bat GAIAREN KONTZIENTZIA HARTZEA DELA, IKUSPEGI INTEGRAL ETA OROKOR BATETIK, GUZTIA BERE BIZITZA PERTSONALERA APLIKATZEKO.
Lehentasun gisa lantzen ez duten kolektiboentzat lehentasun gisa honako gutxienekoak proposatzen dira:
- Urgentea da barneko hausnarketa eta eztabaida lana egitea kolektiboko pertsona bakoitzak testu honen baitan ezkutatzen den sakoneko hausnarketaren kontzientzia har dezan. Alegia, sexualitatea borroka eremu gisa ikustea. Deskubritzea mundu berri baten eraikuntzak berarekin dakarrela gure egitura mentalen eta gure harreman afektibo-sexualen berreraikuntza.
- Horretarako, funtsezkoa izango da neurri batzuk abiaraztea: materialak prestatu, eztabaidak, hitzaldiak…
- Saiatzea hausnarketa horrek kolektiboan bi bidetan eragitea 1) kolektiboak barne eta kanpo mailako gutxieneko konpromisoak hartzea gaia lantzeko. Barne bailan gutxieneko ezberdinak izan daitezke, kolektiboaren formaren eta konpromisoaren arabera. Kanpo mailan honakoak izan daitezke: urtean behin kolektiboaren izenean hausnarketa kolektiboa irekitzea (kanpaina, eskuorriak…) edo bestelako konpromisoak egoera zehatzen inguruan… eta 2) kolektibo horietako militanteek hausnarketa orokorra barneratzea eta euren bizitza propioan aplikatzen saiatzea, praktika kolektibo bat garatu ahal izateko. Aldi berean, hausnarketa ahal duten eta beharra ikusten duten eremu guztietan hedatzeko konpromisoa hartzea.
Lan sakonagoa egitera ausartuko liratekeen kolektiboentzat:
- Formazio, kontzientziazio eta ustez dakigunaren gaineko lan sakona. Horretarako interesgarria litzateke ikastaro luze batzuk antolatzea, pertsonei denbora eman diezaien ariketa praktikoez lagunduta hausnarketa barneratzeko.
- Kanpaina probokatzaileen antolakuntza, gatazka soziala bilatuz eta eremu sozial ezberdinetan eztabaida eraginez.
- Egoera ezberdinen salaketa egitea, instituzio sozial eta erlijiosoen ekinbideak salatuz.
- Lan ideologikoa moral erlijioso eta burgesari aurre egiteko.
- Artxibo bat osatzea, erabili nahi duen jendearentzat informazioa eta materiala bilduz.
- Egungo harreman sozialen ordena zalantzan jarriko luketen ekinbide kolektiboak egiteko prest egongo litzatekeen pertsonen sare bat osatzea.
- …
10.- GAZTERIA IRAULTZAILEAREN PAPERA
Gazteria historiaren motorra da. Borrokaren motorra da. Bizitzaren motorra da. Etorkizuna bere eskutan duen energia berriaren ordezkaria da. Beraz, berritzailea da. Historian zehar gazteria izan da milaka herritan eta borroketan erabakigarria izan dena borroken garapenean. Bere konpromisoa eta jendarte ezberdin baterako borrokarako erabakia funtsezkoa izan da. Beti izan du bere eskutan erantzukizun handia.
Horregatik, funtsezkoa izango da eremu honetan garatuko duen lana ere. Hemen ere erantzukizun handia baitu. Jakinik, gainera, nerabezaroaren zikloa momentu ona izan daitekeela elementu zehatzen ber-heziketarako eta formakuntzarako. Erabakigarriak izango direnak gazte horiek aita edo ama izateko duten aukera kontuan izanik. 0-6 urte arteko heziketa funtsezkoa denez, gurasoengandik jasotzen duten heziketa erabakigarria da. Horregatik, gazteria ber-hezitzea funtsezkoa da, ez soilik euren bizitzetan aplikatu dezaten ahal duten neurrian, baita euren haurrei aplikatu diezaioten ere, izaten badituzte.
Eta ez da inor egokiagorik izango gazteria ber-hezitzeko gazteria bera baino. Izan ere, askotan ezingo du espero norbait heldua iristea, bere momentua bizi izan duena eta esperientziak finkatutako eskema batetik azaltzea gazteriak behar duen oinarri berria.
Horrek ez du esan nahi gazteriak aurrez izan denari jaramonik egin behar ez dionik, beste jende batek bizitakoari muzin egin behar dionik. “Tradizioa garrantzitsua da. Demokratikoa da, beti ere iraganaren gauza onak eta txarrak eskaintzeko gai den neurrian, iraganeko akatsetatik ikasteko eta akats horiek ez errepikatzeko. Bestalde, tradizioak demokrazia suntsitzen du, baldin eta belaunaldi berriei uzten ez badie euren erabakia hartzeko aukerarik uzten, eta saiatzen bada definitzen – behin bizitzaren baldintzak aldatuta- zer den ‘ona’ eta zer ‘txarra’. Tradizioak badu ohitura txar bat, eta da ahaztu egiten duela tradizioa ez dena epaitzeko gaitasuna galdu duela. Mikroskopiaren aurrerakuntza, adibidez, ez zen lortu lehen eredua apurtuz, hura gordez eta giza jakintzaren maila nagusiagoekin konponduz eta garatuz baizik”.
“Errespeturik handiena egongo zen transmititzen den guztiarekiko, ez legoke inolako gorrotorik, gazteriak esan ahalko balu inolako arriskurik gabe: ‘Hau hartzen dugu sendoa delako, zuzena, oraindik baliagarria delako gure garairako eta garapena izan dezakeelako. Baina beste hau ez dugu nahi. Zuen garaian baliagarria izan zen. Baina guretzako ezgauza bihurtu da’. Noski, gazteria hori prestatu beharko litzateke jarrera bera onartzeko euren seme-alabengandik”.
Beti bezala, etorkizuna gure eskutan da. Gure esku dago, eta gure gogoen esku, eta gure borrokarako erabakiaren esku mundua mundu berri baten eraldatzea edo ez. Sexualitatea eta maitasuna erabakigarriak izango dira prozesu honetan. Erabakigarriak izango dira borrokan. Eta erabakigarria izango da, aldi berean borrokatzea sexualitatearen eta bizitzarekiko maitasunaren askapenaren eta eraldaketaren alde. Eta bide horretan gure burua ere eraldatuko dugu. Eta mundua eraldatuko dugu.
Animatu! Egiten baduzu bidelagun izango gara!
Borrokan elkartuko gara.
* Wilhem Reich (1987-1957) sexualitatea ikuspegi iraultzailetik aztertu zuen psikologo marxista alemaniarra bat izan zen. Bere liburuetan aurkitu daitezkeen ekarpen handiak idatzi zituen. Horietako batzuk hauek dira (gaztelerazko itzulpenak): “La revolución sexual”, “Psicología de masas del fascismo”, “La función del orgasmo”, “La lucha sexual de los jóvenes”, “Materialismo dialéctico y psicoanálisis”, “¿Qué es la conciencia de clase?”…
No hay comentarios:
Publicar un comentario