HEZKIDETZA pertsonak bere banakotasun, berezitasunaren arabera, generotik at egiten den hezkuntza da, hau da, irizpide sexistak jarraituz, gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio, portaera,...kontutan hartu gabe hezitzea da. Gakoa da, neska eta mutilentzako baliogarria izango den pertsona eredua bultzatzea, estereotipo eredu femenino eta maskulinoak, tradizionalak eta zaharkituak alde batera utziz.
HEZKIDETZA TAILERRA
Dinamizatzaileentzako GIDA
- Iraupena: gutxienez ordu t’erdi (ordubete minimo minimo)
1.GO ATALA: SEXUA ETA GENEROA (jolasa): 30 minutu (minimo 20)
Helburua: atal honetan, tailerrari hasiera emateko, distentsioa bilatu nahi da horretarako genero eta sexuaren inguruko eskemak apurtuz. Bereizketa hau egitea garrantzitsua da tailerreko edukiak hobeto ulertzeko, generoa eraiki egiten dela ondorioztatuko dugu.
Tailerra inongo azalpenik eman gabe hasiko dugu. Ikasle bakoitzari paper zati bat eta idazteko zerbait ateratzeko esan (edo eman) eta esaldi batzuk osatu beharko dituztela esaten zaie. Beraz, ikasleak prest direlarik arbelean esaldiak idazten hasiko gara:
Ni emakume/gizon bezala........................naiz. (20 segundo eman)
Ni eme/ar bezala............................naiz. (beste 20 segundo)
Ni pertsona bezala...........................naiz.
Ariketa hau azkar egiteko da, burura datorren lehen ideia apuntatzea du helburu, beraz ez diegu denborarik eman behar (guztira minutu bat).
Hau eginda taula bat egingo dugu arbelean ondorengo hiru zutabeekin: emakume/gizon, eme/ar eta pertsona. Zutabeak banan bana betetzen joango gara ikasleei banaka galdetuz zer ipini duen, baina errepikatu gabe (ikasle gehiegi badira, erantzun batzuk bakarrik bilduko ditugu, 10 zutabeko gehienez). Gutxi gora behera, horrelako zerbait geldituko zaigu:
Emakume/gizon
Eme/ar
Pertsona
Arduratsu
Indartsu
Azkarra
Txukuna
Lotsatia
Ausarta
Alaia
Arduragabea
Emankorra
Indartsua
Sementala
Ahula
Azkarra
Burugogorra
Nagia
Maitagarria
Sentibera
Ahula
Irekia
Inartsua
Lotsatia
Ulerkorra
Traketsa
Parranda zalea
Ondoren jendeak ariketa zelan hartu duen galdetuko dugu:
- 2. esaldia idaztean blokeatu al zarete? Harritu al zarete? (jendeak igual pentsatu izan du 1.goan idatzitako berbera idazti beharko zuela...)
- Eta 3. esaldia idaztean, berriz blokeatu ala argitu egin da zertaz doan ariketa?
Eztabaida labur bat eman daiteke jendearen inpresioekin, ez dugu luzatuko. Momentu hau sexua eta generoaren arteko desberdintasuna esplikatzeko aprobetxatuko dugu. Hauek dira eman beharreko definizioak (sinpleak baina ulergarriak):
Sexua: ezaugarri biologikoa da, jaiotzatik dugun ezaugarria. Horren arabera eme eta arrak ezberdinak gara fisiologikoki.
Generoa: ezaugarri psikologiko, kultural, soziologikoa da. Ez da genero batekin jaiotzen, hau eraiki egiten da urteetan zehar. Jaiotzen garenetik hasten da generoa eraikitzen eta guztiz lotuta dago gizartearekin, kulturarekin, momentu historikoarekin,...
Hau azaltzerakoan ikasleen partetik zalantzak egon daitezke edota eztabaida bat piztu eta beraz, gehiegi sakondu gabe hau da argi gelditu behar dena:
Eme edo ar jaiotzatik gara eta emakume edo gizon egin egiten gaituzte.
Era berean, arbeleko albo batean sexu eta generoaren definizio laburrak idatziko ditugu, gero borratuko ez ditugunak horrela edozein momentutan ikusgai egoteko.
Behin hau argituta, arbelean osatu dugun taulari begira jarriko gara eta hitzak zutabe egokietan idatzirik dauden aztertuko dugu eta gaizki daudenak zutabe egokian kokatuko ditugu.
Ezaugarri batzuk, sexuari lotuak izango dira, hau da eme edo ar izateagatik dagozkigunak (emankorra, indartsua, sementala,...). Beste batzuk, eraikitako generoen (estereotipoen) ezaugarriak izango dira, hau da, emakume edo gizonei lotzen zaizkienak (txukuna, arduratsua,... emakumeei eta ausarta, nagia,... gizonezkoei). Azkenik, badira generoari loturik ez doazen ezaugarriak eta horiek pertsonako zutabean kokatuko ditugu (azkarra, alaia,...)
Hau da ariketaren atal praktikoa eta eztabaida gehien sortuko duena (hitzak non kokatu,...). Egia esan, “emakume/gizon” eta “pertsona” zutabeen artean antzekotasunak egon daitezke eta aztertzea zaila izan daiteke (adibidez, parranda zalea orokorrean ematen den ezaugarria da ala eredu maskulinoari dago lotuta?). Hori dela eta, atentzioa “emakume/gizon” eta “eme/ar” zutabeen artean zentratuko dugu, ariketaren helburu nagusia sexua eta generoa bereiztea baita. Bi zutabe hauen artean ez da hain zaila ezaugarriak non doazen erabakitzea.
Lehen osatutako taula horrela geldituko litzateke (gutxi gora behera):
Emakume(*)/gizon
Eme(*)/ar
Pertsona
Arduratsu* - arduragabe
Txukuna* - traketsa
Lotsatia*
Ausarta
Atsegina*
Nagia
Ulerkorra*
Burugogorra
Maitagarria*
Sentibera*
Indartsua (animikoki)
Ahula (animikoki)*
Emankorra*
Indartsua (fisikoki)
Sementala
Arina*
Ahula (fisikoki)*
Alaia
Azkarra
Erakargarria
Irekia
Parranda zalea
Ikusten denez, ezaugarri gehienak lehenengo zutabera pasa ditugu, nahiz eta akaso pertsonako zutabean ere gehiago egon daitezkeen (ez da inportanteena). Izan ere, sexuari lotutako ezaugarriak oso urriak eta puntualak dira, fisiologiari lotzen zaizkienak bakarrik!
Gizonak ez dira ausart eta nagi jaiotzen eta emakumeak ez dira jaiotzaz maitagarriak eta sentiberak. Jendarteak eragin du bakoitzak ezaugarri hauek hartzea, barneratzea eta azkenik erreproduzitzea. Honen arabera rol ezberdinak ditugu jendartean emakume eta gizonek eta hau da hurrengo ariketan ikusi eta aztertuko duguna.
Oharra: ez ezabatu taula arbeletik! (gutxienez emakume/gizon zutabea mantentzen saiatu)
2. ATALA: GIZARTERATZEA: 45 minutu (minimo 30)
Helburua: atal honen bidez generoaren arabera rol[*] batzuk egokitzen zaizkigula era praktikoan argitzea da, horretarako adibide konkretuen gainean eztabaidatuz.
Ariketa hau egiteko lan talde txikietan banatuko ditugu ikasleak. Lan talde bakoitzeko 5 pertsona inguru kokatuko ditugu eta lan talde bakoitzari txartel bat emango diogu (etxebizitza, lana, astialdia). Egokiena txartelak parekatuak egotea denez, edo 3 lan talde osatzen dira, edo 6, edo 9 (zorionak partehartzeagatik!)... Hala ere, ez eman garrantzi gehiegirik honi. Azken orrian eranskina duzue bertatik hiru txartelak mozteko.
Esan bezala, lantaldeetan banatuko gara eta bakoitzari txartel bat emanez 8 bat egoera erreal (esaldi) planteatzen zaizkie. Lan taldean egin beharrekoa zera da, esaldi bakoitzaren inguruan:
- Nork esan duen (emakume edo gizona edo edozein)
- Nori esan dion (emakume edo gizona edo edozein)
- Zein rol jokatzen duen hori esatean (garrantzitsuena hau ondo zehaztea izango da)
Honetarako 15 minutu utziko zaizkie eta dinamizatzaileak laguntza eskainiko du bitartean.
Nola egin azterketa
Adibidez: etxebizitzako lehenengoa:
“denboraz libre nagoenean, sukaldatzea gustatzen zait”
Hau gizon batek esango luke, izan ere, emakumearengan gauza normaltzat ematen da berak sukaldatzea eta emakume batek beraz ez luke esango esaldi hau. Nolabait esatearren “sukaldatzea emakumearen lana da” jendartearen aurrean. Gainera dio “denboraz libre nagoenean”, eta denbora librea normalean ere gizonekin lotzen den zerbait da: noiz uzten dio emakume batek lana egiteari?
Ikusten denez, esaldiak komentatzean errealitatea aztertu beharko dugu. Hau da, ez dugu egoera idealaren arabera pentsatu beharko, baizik eta errealitatean ematen diren egoera sexistak azaleratu eta hauen atzean dauden rolak atera beharko ditugu. Gure artean gerta daiteke denak oso aurrerakoiak izatea, baina orokorrean jendartea ez da horrelakoa, hori da atera nahi dena.
Behin lan taldetan nahikoa eztabaidatuta (esaldi guztiak bukatuta edo bukatzear) denen artean eztabaidatzeari ekingo diogu. Arbelean bi zutabe egingo dira: emakumezkoen rolak eta gizonezkoen rolak. Dinamizatzaileak lan taldeko bati eskatuko dio esaldiren bat komentatzea eta honela denen artean eztabaidatzera pasako ginateke. Behin esaldi horretan rola eta generoa identifikatuta, dinamizatzaileak arbelean apuntatu eta beste esaldi bat aztertuko litzateke.
Honela jardungo genuke, 20 bat minutuz, arbelean 10 – 20 rol apuntatuak izan arte. Esaldi guztiak komentatzeko denborarik ez da ziurrenik egongo, beraz, lan taldeetatik komenta ditzatela interesgarrien iruditu zaizkienak, esanguratsuenak, eztabaida gehien emandakoak,...
Behin eztabaida hauek emanda, eta rolak arbelean jarrita, ondorioak ateratzeko prest egongo gara, eta hori da azken atalean egingo duguna.
3. ATALA: ONDORIOAK: 15 minutu (minimo 10)
Honoko ideiak modu logikoan eta jarraian aipatzen joango gara:
Genero zapalkuntza existitzen da:
Argi eta garbi ikusi berri dugu, nola jendartean rol batzuk ditugun eta rol horien arabera emakumea sozialki zapaldua dagoen. Gainera, rol hauek ez dira berezkoak, genero sistema baten arabera eraikiak izan dira, eta beraz, beste jendarte bat posiblea da.
Genero sistema eraiki egiten da: hezkuntzaren papera.
Hasieratik gaude esaten, generoa eraiki egiten den zerbait dela, ez garela horrekin jaiotzen. Lan horretan, hezkuntzak izugarrizko papera betetzen du, eskolan ematen ditugu haurretatik gazteetarainoko bai bizi-denbora gehiena, eta baita logikoki, harreman sozialen gehiengoa ere.
Jendarte parekide eta justu baten bidean, hezkuntzak generoa eraiki baino pertsona osoak sortu beharko lituzke. Hau egiten ez duen bitartean, hezkuntza genero zapalkuntza bermatzeko tresna ere bada.
Behin hau esanda, berriro begiratuko dugu arbelera. Bertan rol ezberdinak zerrendatuak ditugu emakumeenak eta gizonezkoenak bezala. Momentu honetan denen artean rol guzti hauetatik positiboak zeintzuk diren azpimarratzen hasiko gara. Ikusiko dugu ezaugarri positiboak rol maskulino eta femeninoetan aurkitzen direla (ausarta izatea, autokonfidantza izatea, umila izatea, langilea izatea, arduratsua izatea,...). Beraz, behin hauek azpimarratuta (borobilduta) ondorioak atera ditzakegu:
Jendarte parekide eta justu baten bidean, hezkuntzak pertsona osoak sortu beharko lituzke, borobildu ditugun ezaugarriak helarazi eta barnera araziz. Hau da, ezaugarri positiboak pertsona guztiek, eme eta arrek, garatzen ditugula bermatu behar du eskolak. Hori lortzeko, hezkuntza hezkidetzailea beharko dugu eskoletan
Eskoletan hezkuntza hezkidetzailea behar da: hezkidetzaren definizioa
Gakoak:
- Kontzientea den heziketa prozesua: gizabanakoen arteko desberdintasunak hierarkizatu beharrean, hauek kontutan hartu eta errespetatzen dituena. Sexu estereotipoak alde batera utzi eta hauek ez islatuz, ezabatuz, heztea da helburua.
- Banakotasunean hezi: Gizabanakoaren ahalmen guztien garapena bilatzen duena norberaren gaitasunetaz ohartzen den pertsona sortzeko.
Hezkidetza, pertsonen banakotasun eta berezitasunen arabera, generotik at, egiten den hezkuntza da.
Hau da, irizpide sexistak - gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio, portaerak,... - kontutan hartu gabe hezitzea da. Gakoa, neska eta mutilentzako baliagarria izango den pertsona eredua bultzatzea da.
Oharra: materialik balego (eskola liburu sexistak), hauek banatu ondorioak azaltzen ditugun bitartean. Eranskina: 2.ateleko esaldiak
ETXEBIZITZA
- Denboraz libre nagoenean, sukaldatzea gustatzen zait.
- Oso zintzoa izan behar da goizez zu jasateko.
- Etxeko garbiketa egin behar dugu, baina orain ez daukat gogorik.
- Bere arroparekiko gustua oso ona da.
- Argaldu behar dut, bestela ezin izango dut lanik egin.
- Orain ez dakit zer egin, ez nago ohituta eta.
- Gaur goiz heldu behar dut etxera.
- Nahiz eta ez gustatu, hori egin behar da, gutxienez astero behin.
LANA
- Jendearen aurrean hitz egitea asko kostatzen zait.
- Bakarrik bi egun falta dira lana emateko, eta ez dut ezer egin. Ze arraio!, pote bat hartzera!
- Zuk ere zer ikusirik badaukazu, ez da bakarrik nire arazoa.
- Jendea kontzientziatu behar da.
- Hau taldeko guztiek egin ahal dugu!
- Lehen ez zinen horrelakoa, eta egia esanda aldaketak ez dizu batere onik egin. Denetarik dakizula dirudi.
- Ez kezkatu, astelehenerako bukatuta egongo da.
- Haiek ohituta daude, beraientzat errezagoa da. Guk ez dakigu nola egin!
ASTIALDIA
- Zer edan nahi duzu?
- Aspaldiko lagun batekin geratu naiz eta ez dakit zer esango duen nere bikoteak.
- Horoskopoan asko sinisten dut.
- Garrantzitsuena zu lasai egotea da, gogorra izan.
- Behar duen guztia eman ahal izango diozu? Oso izaera itzulkorra duzu eta.
- Zuk ere egingo zenukeen, maite dudalako egin nuen.
- Horrela tratatzen al duzu jende guztia?
- Ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen duzu beti.
[*] Rol: jendartean betetzen den papera. (Idazti definizio hau ere sexu eta generoaren definizioekin batera)
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario